Olerki Tailerra


                            Bizitzaren miraria

                                                          Urriaren 19an





                              JUANKAR LOPEZ-MUGARTZAREN  KRONIKA

HATSAREN POESIAREN OLERKI TAILERRA BIZITZAREN MIRARIAZ

Larraldera iritsi nintzenerako Auxtin zain zegoen. Lauaxeta ere hantxe zegoen izpirituan sutondoan, balizko su-iskiluz armaturiko pelotoi bati begira, eta egun batez, gutxienez, gurekin oroitzapenak partekatzeko asmoz.

Hantxe bildu ginen hirurok. Auxtin eta biok hezur-haragitan, bestea, izpirituan. “Bizitzaren miraria bizitza bera dela” esan nuen nik, ixilunea hautsiz; “fisikoki elkarrekin egotea ezinbestekoa dela” erantzun zuen Auxtinek, eta Lauaxetak suari beti beha baietz esan zuen buruarekin.

Horretan ginelarik, txindor bat pausatu zen leihoan eta bere txintak aditu ziren sukaldean, une berean Ainara agertu zen atarian; berarekin eta Lauaxetarekin bost ginen, zenbaki ona olerki lantegian aritzeko. Baina poesiari bere tartea egin baino lehenago, eta Hatsaren Poesiaren atelierra denez gero, hatsa eta arnasa hartu behar da, aire librean, Larraldearen inguruetako aire garbian. Eta mendi aldera joatea erabaki genuen, Lauaxetaren izpiritua gogoan izanik, eta sua itzali gabe, mendi aldera abiatu ginen guztiok, mendien eta toki-izenen mirariaz gozatzeko.

Mendia eta basoa. Mendian ibilki ginelarik, Bizkartzun aldera, inguruko mendietara beha, Larhun ikusi genuen gure aurrean, bere bizkar handia eta sendoa, bere mendi gaina, eta nire burmuin elebidunak ekarri zidan burura gaztelaniaz erabiltzen den sierra kontzeptua mendilerro bezala itzuli ohi dela, nahiz eta gure etxean, Sakanan adibidez, hori batere zuzena ez izan. Urbasa eta Aralar esaten dugu euskaraz, baina erdaraz Sierra de Urbasa eta Sierra de Aralar. Mendi horiek euskaraz deitzeko ez dut inoiz ere entzun Urbasako edo Aralarko Mendilerroa, baizik eta Urbasa eta Aralar. Abizenik gabe. Mendizerrarik gabe eta mendilerrorik gabe ere. Horretaz aritu ginen mendian gora gindoazelarik, poliki ibiliz belaunak pixka ahul baititut, eta Auxtinek beti nitaz arduratzen arazoren bat baldin banuen esateko. Une hartan Alvaro Mundiñano nire koinatua eta Hatsakide zenaren mintzoaz oroitu nintzen, berak beti esaten zuen mendia zela goiko partea, nolabait esateko, zuhaitzak bukatzen diren altueratik gora, erdaraz “sierra” deitzen dutena “mendia” litzateke, eta zuhaitzen arteako gunea “basoa” da, gaztelaniaz tokian tokiko izena ematen zaiola, gurean, Altsasun, “monte” deitzen diogu horri, “el monte cerra(d)o” deitzen duguna, euskara “baso sarria” zen, gaztelaniaz “espeso”, hau da “cerrado”, sasiz betea. Erronkaribarren eta beste leku askotan, “oihana” ibiltzen dute gure “basoa” adierazteko, kasu honetan, zuhaitz bereko basoak direnean; esaterako, pinuen oihanak Erronkarin edo Iratiko Oihana, pagoen oihana baita. Honetaz aritu ginen mendian gora joaten ginen bitartean.

Ziburu eta Burgietsamendia. Bizkartzunetik Auxtinek prestatutako sorpresa ikusi genuen: Azkaine gure oinetara, itsasoa aurrean, Ziburuko herria itsasaldean, Ziburuko kabaleentzako lurrak mendi aldean... bitxia, Ziburuko mendia eta Ziburuko herria ez daude bat eginik, bi zatitan baizik, tartean beste herri batzuen lurrak daude tartekaturik, haien artean Azkainekoak. Honek berriro zenbait burutazio izan ziren perpausa, haien artean, Erronkaribarko egoerarekin alderaketa. Berriz ere Sakana, berriz ere Erronkari, nire amaren sorlekua bata, nire tesiko ikerketa eremua bestea. Eta, halaxe, selfiak egin ondoren hizketan aritu ginen Ziburuko adibideaz eta esan nien Burgiko egoera ekatzen zidala gogora. Burgi herria Erronkariko herririk hegoaldekoena dea eta bortuetatik urrutien dagoena; hala eta guztiz ere bere bazkalekuak baditu bortuetan, Larrañeko eta Santa Graziko mugeta, hantxe Uztarrozeko lurretan Burgietsamendia baitago, alegia, Burgiko etxe-mendia edo erromantzez “vedado casalenco” deitzen zutena, hantxe soilik Burgiko kabaleek bazkatzeko eskubidea baitzuten.

Bizkartzundik Arranomendi ikusten da. Bizkartzunen geundela, Euskal Herriko bihotzean sentitu ginen, Euskal Herriaren erdi-erdian, erdigunean, gailurrik gorenean, mendi gorenez inguratuta. Bixta ederra zegoen, itsasoaren aldetik, Jaizkibeletik Baionaraino euskal kostaldea. Ezin ederragoa. Mendi aldean, Santa Barbara, gure aurrean, Esnaur. Bizkartzungo tontorrean bertan inguruko mendien izenak adierazten dituzten bi kartel daude. Ederrak. Horiei esker jakin badakigu hegoalderantz, Atxuria, Alkurrunz, Auza eta Gorramendi daudela. Pixka bat ekialderago Zuhalmendi ikusten da, bai eta Iparla ere. Bixta ederra, benetan. Han ez da paisaiaren miraria bukatzen, oraindik ekialderantz Gorospil, Artamendi eta Mondarrain… Mondarrain? Txindorrak hegan egiteari utzi, txintak ixildu eta protesta egiten du, gaizki dagoen izena baita. Bera xoriñoa izanik bera bezalako hegazti guztien izen ona defendatu behar duela uste du: izan ere, hori Arranomendi baita, eta arranoei begirune behar zaie, beren hegalaldiak errespetatu behar dira, beren izena zaindu eta beren mendiak, bereak direla aipatu, bestela miraria desegiten da, hauts bilakatzen da. Bai, mendia Arranomendi da, arranoena, baina, sobera pentsatu gabe, ez gaiztoki jakina, baten batek jatorrizko izena hartu eta berak nahi zuen izena jarri zion Mondarrain (frantsesez honela ahoskatuta: [mɔ̃daʁɛ̃]), maliziarik gabe, baina euskarari mina egin zion. Hala eta guztiz ere, bizitzaren mirariari esker, arranoek barkatu zioten eta egun, izen bakar baten ordez, bi izen ditu mendiak.

Hiru Erregeen Mahaia. Ekialdean, Baigura eta Ursuia ikusten ziren, eta ekialderago bixta galtzen zen… hor nonbait, mendien atzean, ikusten ez zen lekuan, mendiek izkutatuta, Orhi eta Euskal Herriko mendirik altuena egon behar ziren. Eta hantxe izan zen orduan mintzagaia, Bizkartzunen gailurrean, zein zen Euskal Herriko mendirik altuena, Larrun ez baitzen. Hantxe, mendiz inguraturik, Azkaine epailetzat hartuta eta bigarren kartelean aipatzen ziren mendi gorenak abokatutzat hartuta (Xoldoko Gaina, Aiako Harria, Manddale eta Ziburumendi -Larrunek eta Esnaurrek ez zuten fiskalaren papera egin nahi izan-, eta, bide batez, nola deitzen da Aiako Harrietako hiru tontorretako gailur bakoitza?), hantxe hasi zen auzi gorena: erabakia, Auñamendi ez da Euskal Herriko mendirik altuena, bere tontorra Aspe Ibarrean dagoelako, Leskun eta Léès-Athas Aldean. Zati handi bat Nafarroa Garaian dagoen arren (Anielarra eta Aniebarkandia edo Añimerkandia), Zuberoako mugetan dagoen arren, Sorginen eta Ahüñeren mendia den arren, tontorra Biarnon dago. Hor bukatzen da eztabaida, mendiaren gailurra gaskoina da eta hori onartu behar da. Baina, ez negarrik egin, handik hurbil Hiru Erregeen Mahaia dago eta horrek poztu beharko liguke euskaldunak garen aldetik, guk ere, beste herri ainitzek bezala, mendi goren bat dugulako zerua ikutzen duena. Dena dela, errepublikarrak garen neurrian errege bat nahikoa ez bada, hiru izatea, beharbada, gehiegikeria handia da, eta hobe da errege-erreginik gabe bizitzea. Erdi Aroan onargarria bazen ere, Nafarroak bere errege-erreginak izatea ohikoa zen arren, XXI. mendean errepublika da askoz ere ederragoa. Eta, hori dela eta, toponimoaren kariaz beste irakaspen bat jakin ahal izan genuen irakaslearen ahotik: mendi hori ez zela honela deitzen, “Pueyo de Nay”, hau da, “de Anai, Anaie edo Ania” baizik. Izan ere, irakasleak bere tesian dokumentatu zuen XVI. mendeko agiri batean. Orduan, nondik sortu zen “Hiru Erregeen Mahaia” izena? Ba, hauxe da erantzuna: Frantziaren eta Espainiaren arteko mugen Hitzarmenetik hartutako toponimo frantsez baten itzulpena da: La Table des Trois Rois. Baina izen hori bera ere traketsa da, beste baten itzulpena da, argi eta garbi. Irakasleak berriz ere bere tesian dioenez, eta Wikipedian jaso dutenez, berriz ere, iturria aipatu gabe, ez gaiztoki jakina, sobera pentsatu gabe, izen horren azpian izen gaskoin bat egon beharko du, honen antzekoa Era Tabla d’ets Tros Roios, erran nahi baita, Zati Gorrietako Taula, “taula” izanik leku bat mendian, gutxi gorabehera laukizuzena dena, eta bertan kabaleak eraman daitezke bazkatzera. Bestalde, alde horretako lurra, Larra deitzen dena, hainbat zati edo trozotan banatuta dago: Larreria, Budogia, Leizerola, Lapazarra, Añelarra, etab. Horietako bat, zati gorri bat, hau da, belar gutxi edo bat ere belarrik ez duen zati bat (gorri hitzak kolorea adierazteaz gainera, harri edo lur hutsa dela adieraz baitezake), horietako bat diot, Pueyo de Nay edo Anaieko Puiuko lurra da. Eta hau jakin ondoren, hasi ginen jeisten Larraldera aldera.

Lur hau basurde libroena da eta izanen da betiko. Mendian behera gindoazela borda polit bat ikusi genuen, baserri bat zen mendiko mazel batean kokatuta, balkoi ederra zuen, egurrezkoa, eta Auxtinek erakutsi zigun bezala harria ezin sendoagoa eta politagoa zen, mila koloreekin, irudi ezberdinak islatzen zituztenak, jaspeztuak, zerrenda ilunagoekin, argiekin, zerrodunak, kolore bakarrekoak… Harria, naturaren beste miraria, etxeak egiteko hain beharrezkoa duguna, baina bide ertzean botata, ahaztuta eta zanpatuta kausitzen duguna. Eta halako batean, bide ertzeko harria zanpatuz, zaratarik handiena eginez eta motorra hautsi behar zuela zirudielarik, ehiztari bat agertu zen bidean gora bere 4 x 4 autoa gidatuz. Lokatzak bere bidea zailtzen zuen, mendiak bere basurdeak zaindu nahi zituen, babestu nolabait, gurpilak labantzen ziren lohian, harri txintxarrak txinpartak bezala jauzika ziren, albo batera egin genuen ehiztaria, bere autoa eta atzean zeraman basurde hildakoentzako kutxa iragan zitezen. Ehiztariak basurdeak hil ditzake, baina mendi hau basurdeena da, bestea arranoena den bezala, eta bizitzaren mirariari esker, hildako basurdeen ondorengoek berriro ere birpopulatu dituzte. Eta honela segitu genuen Larraldera iritsi arte, tartean geldialditxo bat eginik Mendiondoko iturrian, hango ur fresko bezain gardena edateko eta hango leku zoragarriaz gozatzeko, Sarak leizeez gainera, hamaika leku eder baititu.

Eric, Maialen eta Graxi, Larraldeko atarian zain. Menditik etorri ginenerako, bazkalordua iragana zen, baina bazkaldu gabe geunden. Zain zeudenak, gose. Sukaldera sartu ginen berehalaxe eta hasi ginen norberak ekarritakoa partekatzen. Eric-ek ezin ardo gozoagoko botila, Gers aldekoa, Paue ondokoa, ireki, partekatu eta zerbitzatu zigun, ardo goxoa, fruta gustukoa, bizitzaren mirariaren zaporeduna. Nik Txantxigorri Opilak, “tortak”, partekatu nituen, eta olerkarien gustukoak izan ziren, ez soilik beren gozotasunagatik, baizik eta beren izenagatik ere, olerkariak hizkuntzaz eta lexikoaz arduratzen baitira. Osagaien inguruan ere mintzatu ginen, eta txerri-gantza izan zen mintzagai, hori baita opilaren osagai nagusia, arraultzekin, anisarekin, azukrea, irina eta kanelarekin batera. Ilarrak ere izan ziren mintzagai, biribilak, eta Graxik esan zigun bere etxean etxilarrak deitzen zirela, eta hitza ikasi nuen eta halaxe segitu genuen solas egiten eta senidetasun giroan bazkaltzen, sutondoaren ondoan sua zaintzen zegoen Lauaxetaren begirada eta babespean.

Azken oyua. Bazkaria bukatu ondoren, Lauaxeta aulkitik altxatu zen eta guregana hurbildu zen amodioz beterik. Bazekien, ongi jakin ere, bera su-iskiluz fusilatua izan zen arren, gure bihotzetan bizirik dagoela. Ez dugula ahaztu, ez ahaztuko, eta gurekin egon nahi zuen, euskal olerkariak biltzen diren lekuan, hantxe baitago bera, bizitzaren mirarian eta poesiaren indarrean sinesten baitu. Orduan, Gasteizko ziega kirastu batean idatzitako bere azken olerkia, bere azken oihua, helarazi zigun, guk ere bizitzaren mirarian sinets genezan. Hona hemen:

Anogeia, Gernika, Gaza. Kretako herria gogoan izanik, hirutan suntsitua eta hirutan berpiztua izan zen herria gogoan izanik, gure izpirituetara Gernikaren oroitzapena etorri zen, Jugoslavia zaharreko Srebrenica, eta gure begien aurrean gertatzen ari den genozidioa Gaza aldean. Anogeia bezala, Gernika berpiztu da, Srebrenica berpiztu da. Hil zirenak, erailak izan zirenak, Lauaxeta bezala, gure bihotzetan bizi dira. Haien herriak, berriz, ezin izan zituzten hil, bizirik diraute, berpiztu dira. Bizitzaren mirarian sinesten dugu, jakin badakigu gauza bera gertatuko dela Gazan, berpiztuko baita, zalantzarik gabe, erasoak amaitzen diren egun donean.

Lauaxeta, ama lurraren martiria. Poetaren exekuzioaren su-hots burrunbak oraindik entzuten zirelarik, kartzelako apaizak hauxe idatzi zuen bere kaierrean: “Goiztiriko bost t’erdietan izan zen. Lasai, goxotasun baketsuan espetxe orduetako gelditasunean iragan ondoren, “Josu, bizitza, Josu, bakarra” ahopeka esaten zuelarik, pelotoiaren aurrera joan zen beldurrik gabe. Urrats sendoz. Hormaren aurrean kokatu zen, irmo, tinko, soldaduei begira. Eta ixtant batean, bere masa entzefalikoaz lurra ihaurri zuten su-iskiludun kristauek”.

Bizitzaren miraria. Honela mintzatu zitzaigun Lauaxeta: “Nireganako oroitze maitagarria zinez estimatzen dizuedan arren, mesedez, albo batera utzi, eta, olerkari argi horiek, eutsi ama lurrari! Bera baizik ez baitu hoberik Ludiak. Geure Aberriak behar gaitu, ez al duze haren deia entzuten? Zuzentasunaren maitez hil ziren guztiekin batu nire hezurrak, eta bizitzaren mirariaz, bizitzaren iturria isur dakidala berriro. Askatasun hatsak betiko bil bainau! Geure Ama Lurraren besarte gozoan bainago! Eta anai-arreba maiteok, eutsi burrukari, inoiz hilko ez den euskaldunen Ama Lurrari. Itxaropen hauxe sor bekit gogoan. Gorputz honek atsedena bakean har dezan, herri askatuen Egun-Handia heldu arte! Ni hil naute, eta berpizteko Josuren fedea baizik ez dut, baina nire herria ere hil dutela sinets dezaketen arren, ezin izanen dute hil, eta bake santua sortuko den egunean, herri zintzo honek betiko zainduko ditu hil ginenon hatsa, hil ginenon ahala.”

Harria, aizkora, mailua. Lauaxetaren berpizte hitzak entzun ondoren, Auxtin altxatu zen eskuan Donibane Lohizuneko hondartzan aurkituriko harri magiko bat ukanki. Nahiz eta harri xumea zela iruditu, landuta zegoen. Aizkora ere bazen, eta beheko alde laua zuenez gero, mailua ere izan zitekeen. Goiko aldean buru txiki antzeko koxka bat zuen, hura ere ordokia gainerako aldean, egokia zehaztasunez iltzeak iltzatzeko, urrak xehatzeko. Herri txikia gara, gure Ama Lurrak harriak baizik ez digu besterik ematen. Baina garrantzi handiko harriak dira, aizkorak eta mailuak bezala erabiltzeko aproposak. Handiak eta txikiak badira. Batzuk itsasoak zaintzeko haitz handiak dira, beste batzuk oso xumeak baina duintasunez beteak, Auxtinek eman zidan hura bezalakoak. Etxeak, bordak eta eraikinak egiteko erabil daitezke, gure herria eraikitzeko ezinbestekoak. Dena suntsitzen ahal dute, haien indarra itzela baita, baina guk harriak berriro harrien gainetik jarriko ditugu eta berriro berreraikiko dugu Gure Ama Lurra. Lauaxetaren gorputza hil ahal izan zuten, bere burmuinaren urkinak lurretik ixuri, baina berak utzitakoa ezin izan zuten hil, eta herrak suntsitu duena, amodioak berreraikiko du behin eta berriz, behin eta berriz, behin eta berriz, eta honela, munduaren akabera arte, bizitzaren mirariak bere indarra erakutsiz.

Gernika, Anogeia… Gaza, beti gogoan.

Juankar Lopez-Mugartza|





Izenak eman  Urriaren 14rako, hemen:

 olerkibilduma@sfr.fr


DAKIT.EUS: URRIAREN 20AN ELIZONDON

 

Datorren igandean, urriaren 20ean, Elizondo herriko Txokoto tabernan solasaldia izanen dute gurekin bere liburuak argitara eman duten

 

Ekimena arratsaldeko zazpi t-erdietan (19:30etan) izanen da

Bertan solasaldi ireki batetan arituko dira lau sortzailea¡-idazleak. Bertara joan nahi duenak nola heldu jakiteko jo https://www.dakit.eus/solasaldia-txokoton.html





                             Kantaldia Larraldean

                                     Urriaren 4ean


Urriaren 4ean,  Larraldeko sukaldean, Pantxix eta Primaelekin

     ****************************************************

''Irailekoak'' Euskalzaindiaren  Poesia Ekimena 
Olerki irakurleak 

***********************************************************************************

Josu Jimenez-Maia/Fito Rodriguez/Arantza Martinez/Inaki Lopez de Luzuriaga/Ainara Maia-Urroz/Garazi Lopez de Durana/Marisa Arruabarrena/Matxalen Bezoz. 

Iraileko 28an, Hernaniko liburu azokan, Hatsako kideak prest, beren buruan zuten txapela kendu eta honekin publikoaren erdian  eske bat  egiteko.


Hats-Arte 2024




Hats-Arte (2024)

Malaisiak, zenbakitzen dituen 138 hizkuntzen artean, dago, ere, hizkuntza berezi bat, ez dena apuntatua, eta, alta, uniberzala dena, hau da poesiaren formulazioetan erabiltzen den ''Pantoum'' espresabidea. Frogatzat izan dugu, Hatsa elkartearen bitartez , horretaz, Abuztuaren 9an, Amotz-Larraldean, Josu Jimenez Maia, gure kideak egin digun, euskarazko eta maisuzko ekarpena. Nola idatzi Pantum bat, bere estruktura, nola hasi, nola bukatu...?. horiek guziak, berak idatzitako testo bat eredutzat hartuz, laster ulertua izan zen, eta, berehala parte hartzale guziak hasi ziren beren pantoum pertsonala, eragozpenik gabe, idazten. Erran gabe doa idatziak izan diren olerki guziak datoren Hatsaren olerki bildumaren altxorran ezarriak izanen direla.

Bestalde, egun horretan, Pantoum- Poesiari, artistiko munduaren sentsibilitatea, ere, lotu nahi izan dugu. Gure artean, beti sorkuntzarako kemenez betea den, Maite Ramos-Fernandez-ek, erakutsi zizkigun dohain eta sentsibilitatea maitagarri batekin, Nafarroako erromaniko harri zizelatuek ixurtzen duten izerdi-uretan, pintzelatu : forma historiko-estetiko hunkigarri batzuk (Erakusketa iraganen da Abuztuaren 23 a arte)

*********

Tailerran,parte hartu dutenak: Nicole Etxart, Maialen Etxegoin, Idoia Genua, Josu Jimenez-Maia, Iñaki Lopez De Luzuriaga, Ainara Maia-Urroz,  Iñaki Martiarena Otxotorena « Mattin », Maite Ramoz-Fernandez, Sabin Oregi-Zarautz, Auxtin Zamora.                                                                                                                                                        A.Z

Datoren 'Hatsa'ren Olerki tailerra iraganen da, Urrian : Juankar Mugartzarekin


'Pantoum' olerki tailerra, Larraldean


Josu Jimenez-Maiaren eskuzko ''mini ordenadore portatilen''babesteko ontzitxoa:


***********************************************************************


     






  

Hitzak eta Itzalak (2) Kronika(Sabin Oregi) + Argazki zonbait







Urumea, mugak gainditzen

Sabin Oregi-ren kronika

Uztailaren 6a abiatu da. Eguna euritsua esnatu da! Goizeko hamar t’erdietan Tabakalerako Madamar kafetegian bildu dira Eukenerekin bat egitera Donostiara lehenak heldu direnak. Beste batzuon trena zerbait geroago heldu da. Hamaikak aldera Tabakalera eraikinera sartu gara, aurreikusia zegoen tenorean: hamaiketan!

Kafe epelaren beroa oraindik gorputzean igo ditugu eskailerak, poliki-poliki. Ez, gaude nekearen menpe, edertasunaz elikatu nahian gure gogoak baino. Bertan, MediaLab izena daraman gunean murgildu gara. Bertan gaudela, eraman digute barnean, guretzat ezkutuan zegoen areto eder batean paratu digute, makinak atondu, proiekzioa abiatzeko: pantaila jaitsi, DVDa irakurlean sartu, atontze lanak egin, play sakatuz abiatzen da Eukenek gaurko olerki lantegi honen bidaiarako lehen zatia. Ni Urumea izeneko dokumental-filma, Gaizka Aranguren kazetari handiak prestatu eta zuzendu duen lana. Ikuskari honen laburpena egitea, benetan, zaila da!; benetan atal ugari ukitzen ditu: ibaiaren inguruko herrien historia, bere baliabideak, gizateriak egin dizkiogun kalteak… Dokumentala ikusteko jo (https://vimeo.com/410112802). Gu Donostian bildu ginenez, Donostiako aldekoa garatu genuen bereziki ondoren. Donostiak izan zituen padurak, saiatu genuen gure gogoetan bilatzen, partekatzen,… eta guztion artean bakoitzaren burmuinaren barnean irudikatzen nolakoa izan zen atzo goiz artean Donostia eder hura, Bella Easo izena jaso zuen hura!

Filma ikusi ondoren profitatu dugu Tabakalerak eskaintzen dituen edertasunak dastatzen, horien artean Urumearen itsasoratzea eraikinaren altueratik, edo ibaiaren azken kilometroak nola zeharkatzen duten espazioa, eta saiatu sumatzen non egin zaizkion txikizioak. Zeren pelikula hori ikusi ondoren zailago egingo zaigu aurrerakuntza moduan izendatzea benetako atzerako bidaia izan dena. Galdu ditugu besteak beste baratzaren gune ederrenak, portlandezko “landareak” bere ordez ikusteko.

Kristina-Enea eta Gladys-del-Estal pasealekuak

Bere garaian zigarroak egiteko erabili izan zen erakin eder hori, egungo kulturaren erakus-lehio eta kultura garatzeko bihurtu den gunetik irten gara. Pausu batzuk Egiako auzoan eman eta Donostian gorde den paradisuan sartu gara. Nire kasuan aspaldian ez nintzen ibili barnekalde horietan. Ezustekoa ederra jaso nuen ikusterakoan oinez ibiltzeko bideak, orain, portlandaz eraikita dauden. Harritzeko da Mandas dukearen familiak ez kexu agertzea astokeria horren aurrean. Natura berdea eta lokatzaren gainean bizitzen da, ez zementu arruntaren gainean. Bitartean bidea euripean egiten jarraitu genuen, Mikel Laboa zubiraino heldu bitartean. Bazkaltzeko tenorea gainean sartzen ari zen, eta korrika joan ginen Botanika kafetegi-jatetxera. Bazkaria lurralde exotikoetakoa zegoen eguneko menuan, eta bertatik aukeratu genuen.

Kafe garaia beste kafetegian eman genuen: La señora Colombo izenekoan, Bilbo plazatik gertu! Bertan dastatu genuen kafe edo infusio ederrak bitartean ekin genion bakarkako olerkiak idazteari. Aldi berean txisteak edo gogoratzean Colombo inspektorearen emaztea ez zela sekulan agertu seriean, beste irrigarrien artean agertu ziren gure artean. Ondoren Austinek, Ainarak, Carmenek, Eukenek eta Sabinek taldearen aurrean irakurri zituzten bakoitzak idatzi genuen idazlanak.

Gero, poliki-poliki Urumearen itsasoratzea ikusteko gogoko zuela, bokale aldera agertu ginen. Horrela larunbaterako olerki-lantegiari amaiera ofiziala ipini genion. Oraindik beste kafe bat hartuko genuen bakoitzak Donostiaraino eraman gintuen trena hartzeko.


Eukene Lizeaga--Carmen Valois--Auxtin Zamora--Ainara Maia--Sabin Oregi






 

6A - Kaulerako bidaia(Sabin Oregi)

Ekainaren zortzian emana zegoen biltzeko tenorea. Hamarretarako. Lehena heltzen bil-lekura Auxtin izan da: bera baita olerkarien-lantegi-bidaia paratu duena. Poliki, pittika heltzen dira Arantzazu, Sabin, Erik, Robin eta Ainara. Seiak izango dira bidai honetan protagonistak. Seia osatzen dute sei-ak: 6 eta A dira osagaiak. 3 A, R S eta E. Sigla eta anagrama zaleek badute libertimendua osatzeko letrak: A, A, A, R, S, E. Irakurle zure buruarentzat paratzea siglak eta anagramak, ondoren taldearekin partekatzea.

Ordu betera bidaia egingo duten kideak ondo artatzeko, eta bidaiarako indarrak metatzeko, bigarren gosaria. Hamaiketarako Sara gainditu ondoren, Berako bidean, eskuin, Kaulerako bidean. Mendi gora. Mendi puntara autoan? Horrek ez du meriturik —dio norbaitek auto barnean. Zelai batean paratzen ditugu bi autoak. Eta mendi bideari ekiten diogu lainoa indartzen den bitartean. Egun mozorrotua dagoen iturri bateraino heltzen gara: lehen ur begia gure begi aurrean zegoen —zioen taldeko gidariak. Bide azpitik tutu batek ur emariari bidea ematen dio mendi behera jarraitu dezan. Inguruan beste ur emari gehiago biltzen zaizkigu begien aurrean gauden urtearen aroa gogoratuz. Ur begi parean zirkuluan bildu gara, gure bakoitzaren indarrak telurikoarenarekin bilduz, bideratuz. Ez ustekoa, gure erdian hosto bat, berde bizia, hezea. Kanadako ikurra?, pentsatu dut. Haiena gorria da, baina edertasun horrek niri buruaren baitan hura erakarri dit.

Bideari ekin, aurrera. Tipi-tapa, tipi-tapa. Zuhaitz batzuk bere hezurretan. Hostorik ez dute erakusten, grisak agertzen dira gure begien aurrean. Bederen, Lainoak sortzen duen itzal gabeko argi zuri indartsu horrekin horrela antzeman dute ene begi argiek. Argazkia, bideko argazkia, egunean zehar egingo den beste askoren arteko beste bat. Solastu dugu bizitza ez duen zuhaitzak bizitza ugaria duela oraindik, luzerako barnean eta kanpoan, harrak, inurriak, eta agian lasterrean goroldioa agertuko zaie adarrei, adarraren egurrean metatuko den euri bitarteko hezetasunari esker. Pausuak aurrera. Mendian ibilaldi egitea lainoaren laguntzaz ez da berdina. Magia bailukeen modukoa da. Magia dauka. Laminek hegan azkarrean erakusten dute, ikusten ez badugu begiekin. Poetok ordea, deskribatzen dugu: bidaiak, hegaldiak, xuxurlatzeak… Horrela Haritz-mendi izeneko paradisura heltzen gara. Arestian iratxoek sortu borda, egun teilatua eraldatua erakusten duena, eta erdian lerden zutitzen da haritz ederra. Inguruari izena emanen diona? Ate aurrean, erabakitzen dugu, Ainararen telefonoak denbora neurtuko duen hamabost minutuko tartean bakoitzaren olerkia sortzea, edo bederen bere olerkian izango diren gaiak biltzea. Tirrin goxo batek axotak paper gainetik altxatzeko, eta guztiak biltzeko deitzen digu soinuak. Orain ez ditugu irakurriko. Bakoitzak egin idatziak, bildu eta paper guztiak elkarrekin jasoko ditugu, bordaren barnean gorde —esaten digu bidaia honetako gure gidari nagusiak; eta egiten ari garen bidea ezagutzen duen bakarra. Mendian maldetan gora eta behera. Taldeko batzuk, western filmetan modura, esploratzaile bailiran aurreratzen dira, gibeleko taldean telefono bat deika, txoria balitz mozorrotuta. Hemen zuk estaldura duzu? —galdetu nahian dio norbaitek gibelekoen artean. Bideak aurrera egiten du. Ikusmen urriarekin gehienok ez dakigu non gauden. Jenderik kasik ez dugu aurkitu bidean. Bat-batean, gure begien ezker aldean, behean borda eraberritua, edo artzain ardiak gordetzeko etxola modernoa, eguzki izpien bitartez energia sortzeko lamina ugariekin. Pentsatzen ari nintzen islatzea zela, irudikeria? Aldi berean jendearen hizketa hotsak, gero eta gehiago eta gertuago, halere ez genuen inor atzematen. Pausuak aurrera, etxola luze horren zati bat agerian zegon: mahai luzeak paratuak, eta borobil bat: mosketeroentzat aproposa. Guztiok gure motxilaren barnean ur botila eta ogitartekoak dauzkagu, aldi berean lainoa gero eta indartsuagoa bilakatzen ari da. Bertara sartu, ez, kanpoan geratu… galdetzea deliberatzen dugu. Moleta onddoekin galdetzen du Auxtinek arestian bertan dastatu zituen eder haiek gogoratuz, horiek hemen sekula ez, arrapostu digute ostatuan. Baina moletak jan ditugu: laguntzarik gabe, xingarrarekin, piperrarekin edo biekin. Aurretik entsalada bat, ostean burukoa eta kafea. Kafea hartzen ari ginenean, solasten ginen bitartean lainoa indartsuago bilakatu da. Orain busti egiten du. Erikek beste euritako bat gehiago zuenez motxilan, Arantza ez bustitzen lagundu du. Hirurak aldera, altxatu gara itzultzeko bideari ekiteko. Orain haizeak busti egiten du, lainoaren muinean gaude. Pausoak mendi gora, mugarri baten ondoan argazkiak. Mugarriak zulo bat zuen, urrutitik begiratzen botoi irudia hartu nion. Orain, alde batetik bestera zulo ederra duela jabetzen naiz. Zer erakutsi edo ikusteko dago, galdera sortu da ene buruan. Erantzun gabeko galdera dudan bitartean buruan, bideari ekin diogu. Oraindik asko izango da ikusteko. Mendian maldetan gora eta behera, gora eta behera. Horrela heldu gara etortzean gurtu dugun iturrira. Berriro biribilean bildu gara, goizeko hostoaren parean paratu gara berriro. Indar telurikoak gure artetik bideratu ditugu, horrela Haritz-mendira agertu gara. Eguerdian idatzi ditugun paperek hor diraute, heze, halere! Banatu bakoitzari berea eta bakoitzak berea irakurtzeari ekin diogu. Haizeak eta laino bustiak egonaldia ez luzatzea gomendatu digute. Autorako bidean mendiko txirrindulari talde eder batekin bidea partekatu dugu: haiek gora, gu behera!

Autoak jaso eta Larralderako bidea. Han itxaroten zegoen txokolatea gure askaria. Horrela amaitu da txango ederra!






Zorionez gainditua izan den egun bat, iragan dugu elgarrekin :

hitz sakonak ugari ...itzalak zeruko lainoz beterik...

tailer bat zoragarria... sorpresazko bazkari bat...

nortasun ageriez betetako une bero bat... .

Auxtin

NB : Eskerrak ere  Patxi Zabala-Larrea, hatskide berriari, hau ez zen

gurekin, baina  ''Hitzak eta Itzalak''gaia harturik, bi olerki igorri dizkigu

Auxtin 




2024/06/08




Hitzak eta itzalak (2)







Olerkari lagunak,


Ekainaren 8rako(Larunbata) egituratua dugun Kauleko olerki tailerrarentzat , derrigorrez, baldintza berezi batzuk kontutan hartu beharko dira .

  1. Elkartzearen hitzordua 9-30 eta 10 ak artean :Senpere Larraldean (43 20 19N  1 33 00W)

  2. Kauleraino (43 18 00N 1 39 21W) , joateko, kotxea hartu beharko dugu

  3. 11h etan : 3kilometroko txangoa (bidea ez da sobera maldatsua)

  4. 13h etan, oihan erdian ,eginen den bazkari pertsonalarentzat ,nor berak bere janarria ekarri beharko du( Beharbada,ez da segur) kafea edan genezake mendian den Iatsola bentan( 43 18 47N 1 39 32W) )


  5. Arratsaldean, tailerra , oihanean, modu libroan eginen dugu,« Hitzak eta itzalak »gaia hartuz ,nor berak, nahi duena , libertate osoan idaztea, eskatua da . Testoak, etxean hunkituak izan ditaizke ere, eta, igorriak helbide honetara : olerkibilduma@sfr.fr.
    6   Itzultzeko , tenorea, lekuaren gainean ,finkatuko dugu.

Tailerra hau, egurraldiarekin baldintzatua da :

Euria balin bada, baliogabetua izanen da ,eta, 15era gibelatua.

Goraintzi beroenak guzioi !




Ekainaren 8 ean, Larraldean, 9ak30 etan !

Itzalak ...hor izanen dira , hitzak dira bakarrik ekarri beharko....!

                                         Hatsa elkartearentzat,

                                                                    Auxtin


*************************




***************************************************************


***************************************************************




HATSAren POESIA 2024


Egun on olerkari adiskide maitea:


Aurten 26. HATSAren POESIA liburua aurkeztu dugu, eta 126 olerkarik parte hartu dugu; horien artean, 18 hatsakide berri izan dira. Senpereko Larraldean bildu gara beste urte batez Euskal Herri osoko eta euskal diasporako poetak eta poesiazaleak, gutarteko zubi poetiko hori iruten segitzeko, gutarteko sarea ehuntzen jarraitzeko. Hatsaren poesiaren itsasontzia itsasoratu da jada Senperen beste urte batez, almirante, kapitain, lemazain eta eskifaia eder handi batekin.

Marinel zaharra gaurgero abiatu da bere hatsaren bila, guk atzo hatsa eta adore elkarri eman geniolarik.

11:30etan genuen hitzordua, eta tantaka-tantaka agertu ginen Larraldearen aterpera, pixkanaka, 26 hatsaren poeta bildu ginen arte.

12:00etan hartu zuen lema Ainara Maiak eta aurtengo liburuaren sar-hitzaren egile den Joseba Aurkenerenari eman zion hitza, aitzinetik "Irakurleari" zenbait ohar tekniko-poetiko egin ondoren. Josebaren hitzak entzun ondoren, eskifaiako marinel margolariak hartu zuen mikrofonoa: Lander Zurutuzak egin du aurtengo liburu mamitsuaren azaleko marrazkia, zuri-beltzez margotutako marinela bere hatsaren bila abiatzen dena.

Horren guztiorren ondoren, Auxtin Zamora kapitainak Ainara lemazainari muxutruk egindako lana eskertu soilik ez ,eta, eskifaia osoari eskatu zion muxutruk egindakoa muxuz "ordaintzeko"...

muxu-zaparradaren ondotik, datorren urteko Hatsaren Poesia libururako sar-hitzaren egile nor izango den erabaki da zozketa bidez, Juanma Sarasolaren Gaxen alaba eta Erlaitz semearen laguntzaz: heldu den urteko sar-hitzaren egile Joxe Luix Agirretxe izango da! eta gero, azken 26 urteetako Hatsaren Poesia liburu-sortaren zozketa egin zen, eta Oier Saratsuari egokitu zitzaion... zorioneku bera! . Antton Kazabonek ere, betiko umore onarekin, urtero bezala, bere liburu zonbait zozketatu zituen .

Heldu den urteko liburuaren azalaren marrazkilari izateko Andrea Bella Uruguaiko euskalduna borondatetsu agertu zen.

Aurtengo liburuaren aurkezpen ofiziala jadanik eginik, aperitifaren ordua iritsi zen, modu informalean bildu ginen taldeka edari eta zizka-mizka artean mintzatzeko eta elkarrekin hitz batzuk trukatzeko.

Horren ondoren, batzuk joan behar izan zuten, eta beste batzuk Larraldeako ukuiluan mahai-inguruetan bildu ginen bazkaltzeko, sabela bete, elkarri gauzak kontatzeko eta kantuz ospatzeko.

Arratsaldeko 16:00etan gure kadiretan ginela, banan-banan mikrofonoa hartu eta liburuko geure olerkia errezitatu edo abestu genuen. Arratsaldeko errezitaldi honetara eskifaiako beste bi lagun agertu ziren, Peru eta Markel donostiarrak, baita beste bikote bat ere Donostiatik BERRIAn irakurri baitzuten 2024ko Hatsaren poesia liburu berria aurkeztuko genuela eta entzule etorri ziren... bi orduko itsas-bidaian abiatu ziren gurekin batera.

Denok parte hartu genuelarik, Gernikako Arbola euskal ereserkia abesten hasi zen Iñaki Lopez de Luzuriaga marinel ausarta, euskal topaketa hari agur esateko, eta ondoren, Auxtin Zamora kapitainak 2017ko olerki bustiak bideo poetikoa erakutsi zuen: bertako irudiak azaldu eta hatsakideon hitzak irakurri genituen, euskal poeton" GURE HATSA", Leire Zabalaren ereserkia, iaz bezala ,elkarrekin kantatu ondoren.

Egun polita igaro genuen, eta Hatsaren poesia itsasontzia jada itsasoan da! bidaiatu nahi al duzu gurekin aurten?

Ainara Maia Urroz

(2024ko HATSAREN POESIAren editore)

ARGAZKI  ZONBAIT








































 Larraldeko Sahatsa,"Gure hatsa"ren haizeaz betea








 

Urte berri on

Olerki Tailerra                             Bizitzaren miraria                                                           Urriaren 19an    ...